Filed under: Uncategorized
“Biladi”, gure lurra, Neguev basamortuan bizi diren beduinoek urteetan landutakoa, maitatutakoa, sufritu eta gozatutakoa. Hala ere, azkenengo urteetan Iraeldar estatuak ez die bizitza erraztu, behin eta berriz 2007 geroztik haien etxeak eta ondasunak erabat suntsituz. Baina aurrera darrai beduino herria, suntsitutako etxeen alboan eraikitako ametsei eutsiz.
Hona hemen Al-Araquib herriko bi lagunek euren lurrarekiko atxikipena aldarrikatuz abestutako kanta.
Honekin ikasleoi ere iritsi zaigu gure Palestina maiteari geroarte esateko ordua, bizitako esperientzietaz ase ezinez Euskal Herrian ere lanean jarraitzeko pilak kargaturik ditugula. Hortaz lan handia dugu egiteke etxera bueltatzean, hemen ikusi dugun moduan boikota tresna bezala gure herrian eraginkortuz.
Eta zuei Al-qudsetik besarkadarik beroena, egun hauek ahaztezinak bilakatu ditugulako, gorrotoa maitasun bilakatzea lortu dugulako eta nola ez, talde hau gabe bizitako guztia beste amets bat baino ez zelako izango.
Gora gu ta gutarrak!!!
Filed under: berriak (news)
Jakingo duzuenez Bilada Hadi!-ko Martxelo Diaz garako kazetariari Israelek ez zion Palestinara sartzen utzi. Lanketa polita ari da egiten hala ere. Batetik Amannen ezkerreko palestinar eta jordaniarrek osaturiko hamar pertsona inguru talde batekin bilera egin zuen. Helburua egun Euskal Herrian bizi den egoeraren berri ematea. Batzuek Euskal Herria ezagutzen bazuten ere, gehienak ez zuten gure herriaren berri izaten. Gauzak horrela, Euskal Herriaren kokapena, izaera eta historiarekin hasi ondoren, egungo egoera politikoaz aritu ginen. “Zutik Euskal Herria” dokumentua, indar soberanisten indar metaketa, ETAren agiria eta joan den asteko atxilotuen egoera izan ziren jorratu genituen gaiak
Bestetik errefuxiatu palestinarren gaineko kronika hau ere helarazi du Martxelok:
JATORRIAK EZAGUTU HERRI BAT IZATEN JARRAITZEKO
Jordanian bizi diren palestinarrek gogor borrokatu behar dute euren nortasunari eutsi ahal izateko. Ammango Gobernuak ez du gogoko palestinar izaera hori eta asimilazio prozesu bat pairatu behar dute. Egoera horri aurre egiteko, berebiziko garrantzia du memoria historikoa gordetzea, herri gisa bizirik segi ahal izateko. Horretan aritzen da Rakan Mahmud, Nakbaren lekukotasunak biltzen Palestine Remembered (Palestina Gogoratuz) ekimenaren barnean (www.palestineremebered.com). (more…)
Filed under: berriak (news)
EPILOGOA, ZUEKIN ELKARTZEKO GOGOA
Kaixo habibix, brigadako sekzio musikalaren azken komunikatuarekin gatoz Arramazkatarrok.
Brigadarako ezarrita genuen helburua guztiz bete dugulakoan gaude.
Musikaren botere koxkor hori baliatuz, ehundaka palestinarren bihotzetara heltzeko aukera izan dugu, Ballatan, Al Ainen, Sheik Jarran, Hebronen… eman ditugun saioei esker. Era berean, ezarrita genuen helburu nagusia ere bete dugu, Rim Banna euskaraz Mikel Laboa kantari jartzea, eta DAMekoekin proiektu hau elkarlantzea. Hau ederra izateaz gain historikoa ere bada, euskal talde batekin palestinako musikari handi honek egiten duen lehen elkarlana baita Rimen kasuan. Ti Ta gaztek!
Argi eta garbi adierazi nahi dizuegu zuek gabe egundo hau ezinezkoa litzatekela. Adierazi diguzuen maitasuna, poza ezinbesteko faktorea izan da gure proiektuaren garapenean. Jaso ezazue gure besarkadarik goxoena, egindako dantza saio, Txikiari omenaldi, barre eta argilaz lagunduriko gau eder eta ezinbesteko guzti horiengatik. Brigada hasi aurretik gogoan dut nonork Kolosala izanen da esaldia erabili zuela, eta hala izan da. Beno, ta pixkat gehiago ere bai. Kolosalegia, ederregia egi izateko. Aroak dio brigada hasi besterik ez dela egin eta uste dut Makilni eta biok berdina sentitzen dugula, bakoitzak bere erara, bere mundua ikusteko leihotxotik.
Bartzelonara heldu eta zail da Al Martxeldarron Martirien 14. Brigadarekin ezin egotea onartzea. Inbidia sanoa sortarazten diguzue… gozatu geratzen zaizkizuen egunak!!!
HURRA HURRA FALISTINE, HURRA AL MARTXEL MARTIRIEN 14.BRIGADA!!
GEUREA DA GARAIPENA, BRIGADA HONTAKO PARTIDA BEHINTZAT IRABAZI DUGU!!
ESKERRIK ASKO ZUEN LAGUNTASUNAGATIK HABIBIX!!
-ARRAMAZKA-
Filed under: berriak (news)

Belenen dagoen Aida errefuxiatu eremuan izan dira gaur Biladi
Hadi brigadako kideak. 1948an Israelek lurrak lapurtu zizkienetik hiru
belaunaldiren bizilekua izan da Aida, eta gaur egun 6.000 palestinar
inguru bizi da bertan.
Aidako teilatuetatik, beste inon baino argiago ikusi ahal izan
dute harresiak inguratzen dituen lurrak eta herriak nola ari diren
kartzela bihurtzen palestinarrentzat.
“Egunerokotasuna normaltasunez bizi dugu, baina bihar alde egin
beharko bagenu bezala”, azaldu die Kareem Amirak, Aidako gazte
zentroko zuzendariak, errefuxiatu eremua behin-behineko bizitokia
dutela argituz. “Noizbait gure herrietara itzuliko gara, ez dut
zalantzarik”.
Arratsaldean, berriz, Hebronera itzuli dira brigadakideak.
Kolonoek eta palestinarrek larunbatero egiten dituzte manifestazioak,
aldarrikapen guztiz desberdinekin. Gaur Yom Kippur denez, lehenak ez
dira kalera atera, baina palestinarren aldarrikapenak bertatik bertara
jarraitu dituzte brigadakideek. Honatx manifestaldiaren bi pasarte.
Filed under: Uncategorized
Hebronek Zisjordaniako beste edozein lekuk baino hobeto islatzen du Estatu sionistaren zapalkuntza. Erdigunean bertan kolono judutarren asentamentuak kokatzeagatik bereizten da gainerako hiri palestinarrengandik. Hori babesteko israeldar soldaduak ez dira falta, hiri zaharra sionisten kontrol militarren baitago. 800 kolono bizi dira bertan, armak eskuetan palestinarrei lapurtutako etxeetan.Eskolak ere okupatu zituzten 1967tik aurrera, sinagogak eraikitzeko; lehengo bus geltokia base militarra da egun.
2000 urtean, aurretik hustu eta kolonoek guztiz okupatutako Shuhada kalea palestinarrentzat itxi zuten israeldar militarrek. Inguruko etxe guztien teilatuetan paratutako postuetatik babesten dituzte orain judutarrek, palestinarrak egun eta gauez kontrolatzearekin batera.
Kalea ixtearen ondorioz, arabiarrek 35 minutu behar dituzte kotxez hilerri musulmanera iristeko, oinez hiru minututan egingo luketenaren ordez.
Okupaziotik hona, gainera, hiri zaharreko 1100 denda inguru itxiarazi dituzte. Eta ez dezala inork protestarik egin, ahal eginez gero dendak ixtearekin mahatxatu baititu Israelek hiri zaharreko merkatariak.
Erdigunearen inguruan ere badira tamaina handiko asentamendu judutarrak. Horiek denak bat egiteko asmoa daukate gainera sionistek. Horretarako, noski, palestinarrak kanporatzea da lehenbiziko helburua. Eraitsi nahi duten etxe horietako batean izan zen Biladi Hadi elkartasun brigada.
Bertakoek azaldu bezala etengabe pairatzen dituzte kolonoen eraso bortitzak. Etxearen inguruko lurrak pozoindu eta landatutakoak erretzen dizkiete, eta abereak etxe barruan mantendu behar dituzte harrikatuak izan ez daitezen.
Familiako umeak ere erasotzera iritsi dira. Baina etxekoek argi daukate, hori da euren lurra eta ez dute handik alde egiteko inolako asmorik.
Filed under: Uncategorized
Pertsona bat=bihotz bat… hala ei da munduan barrena… Israelen izan ezik.
Azken egun hauetan bizitzen ari garen bizipen oldearen ostean ondorio argi eta garbi bat atera dugu Biladitarrok. Jende honek ez du gizatasun izpirik ere, ez dute bihotzik, bi oin eta buru huts bat duten dolar handiz osatutako jendarte eskizofreniko, paranoiko eta eskas bat dira. Sionismoa da arazoa, baina herri hau pairatzen ari den etengabeko sufrimenduaz jabeturik denok dugu zerbait esateko. Sionismoak planteatzen duen apartheid egoera salatzea israeldarrengandik hasi eta mundu osora zabaldu beharreko behar moral bat. Beharra izaki bizidun moduan.
ASKATASUNA PALESTINAR HERRIARENTZAT!!
